XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Han zeuden Norfolkeko sagarrak, biribilkote eta beltxaka, eta pertsonaia muztiotsuak zirelarik, paperezko zorrotan etxera eraman eta afalostean norbaitek jan zitzala erreguka eta otoika, limoin eta laranjen horitasuna nabarmeneraziz.

Fruitu sail honen artean pontxe-untzi batetan zeuden urre eta zilarrezko arraintxoek ere, arraza malenkoniati eta odol geldokoak izanarren, antz eman zioten zerbait gertatzen ari zela eta guztiak, jira eta bira, arnas-estuka zebiltzan bere mundutxoan, higidura patxadatsu eta grinagabe batez.

Janaridendak! Oi, janaridendak! Erdi itxirik, leiho estalkiren bat edo beste eraitsirik, baina zirrikituetatik haiek ziren ikustekoak haiek!.

Ez zen pisalek igo-jaitsian ateratzen zuten soinu alaia soilik, ez eta txaratil-hariek bereziki zerabilten jarduna ere, ez eta joko malabarretan bezala, tin-tinka ari ziren ontziak ere, ez eta sudurrei hain atsegina zitzaien te eta kafe usain nahasia ere, ez eta mahaspasei zerien usain gozoa, almendra zuri-zuriak, kanela zotzak hain luze eta zuzenak, ezpezia desberdin eztiak, fruittu almibarreztatu tortikatsuak, eta azukrez hain estaliak, behatzaile hotzenari ere ahulezia sorterazi eta behazuna eragingo zioketenak.

Ez eta biku heze mamitsuak edota gaingiroki apainduriko kutxatilatan garraztasun begiratuz musugorriturik zeuden okaranak edo Gabon jantzitan jateko prest zegoen beste edozein jaki soilik ere.

Jaiegunaren promesa itxaropentsuak eraginik, bezero guztiak ere, bizkor eta presaka zebiltzan (...).